XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donostiako Udal Banda Ebaristo Goñi atabalari berriarekin, 1934.

Beti onak izan ziren Bandako lau kideen arteko harremanak.

Inoiz tirabirarik gabekoak.

Bandaren emanaldi ofizialak eta hauetako ordainsariak ongi zehazturik zeuzkan gorago aipatu Sustapen Batzordeak.

Emanaldi berezietan, aldiz, amankomunean hartu ohi zituzten erabakiak, beti ere Isidro izaten zelarik solas-kide eskatzaileekin eta hark aurkezten zuen taldeko iritzia.

Politikaren aldetik ere ez zuten sekula haserrerik izan, nahiz eta lauak aski iritzi desberdineko izan.

Oso zuhurra zen Isidro bere iritzien berri emateko, baina aski ezaguna zen haren joera abertzalea.

Sekundino, aldiz, karlista zen.

Julian, deus ez, eta Ebaristo axola handirik azaltzen ez zuena.

Puntu honetan, beste askotan bezalaxe, esku ona zuen Isidrok, taldeko tirabira oro saihesteko.

Ez zion horretarako itzal handiko gizona eta taldeko lider izateak gutxi laguntzen.

Xehetasun bat eman daiteke adigarri.

Beren artean igande goizetako emanaldiaren barne Gaztelubide edo Gaztelupen lagunarte ederrean egin ohi zuten hamaiketakoa.

Musikari familia honen irudi hau espainiar gerra zibilak kraskatu zuen, beste hainbat eta hainbat lagunarteren kasuan bezalaxe.

Isidro eta Julian, taldeko bi zaharrenak, etxean gelditu ziren.

Sekundino erreketeekin boluntario joan zen eta azkenik Ebaristo, gazteena, gorrien brigada batean joan zen.

Erabat deseginik gelditu zen gure txistularien banda, eta egia esan gertaera haien baitan ez zen gutxiagotarako ere.

Nazionalen berehalako Donostiara sartzea eta agintari berriek udal bizitza normalizatzeko egindako ahaleginen arabera, luzaro gabe txistulari banda martxa ipini zen berriro.